XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konpasa: 2/4. / Erritmo irudiak: beltza eta zuria. / Notak: DO, RE, MI, SOL.

Azaldutakoaren arabera irakurriko dugu.

6. Kanta:

6.1. Trenarena eta Ilargia amandrea kanten errepasoa.

Kanta hauek aurreko saioetan ikasi ditugu. Irakasleak, beti, kanta bakoitzaren lehen esaldia abestuko du ikasleari kanta dezan eskatu aurretik. Horrela, tempoa eta gozaketa markatuko ditu.

6.2. Arratoia hariletan. Herrikoia.

Herriko plazan mugimendu handia izaten zen ostegunero. Nekazariek beren fruiturik hoberenak eramaten zituzten saltzera eta, egia esan, zoragarria zen han erostea, paregabeko produktuak egoten baitziren postu guztietan.

Herri hartan hain ondo jaten zutenez, guztiz osasuntsuak ziren denak eta inor ez zen gaixotzen; botikariak beraz, ez zuen lan handirik izaten.

Negozioa ondo ez zihoakionez, dirua irabazteko beste zerbait egin behar zuela otu zitzaion baina, pentsatu eta pentsatu arren, ez zitzaion ezer etortzen burura.

Hainbeste buelta eman zion kontuari azkenerako buruko mina jarri zitzaiola eta, denda itxita, etxera joan zen deskantsatzera.

Hara heltzean zapatilak jantzi, beheko sua piztu eta besaulkian eseri zen zabal-zabal, begiak itxita.

- Bai ondo nagoela hemen! Etxeko bakea bezalakorik ez dago! -esan zuen.

Halako batean, urruneko danbolin baten soinuak heldu zitzaizkion belarrietara eta, segidan, katuen marruek eta astoen arrantzek osatutako abesbatza alaia.

- Hara, jaia dute hor nonbait! -esan zuen bere baitarako, txunditurik.

Harrigarriena zen algara hura hurbilagotzen sentitzen zuela botikariak, gero eta hurbilago, harik eta hain gertu entzutean begiak zabaldu zituen arte eta, hura bai ezustekoa: laguntaldea etxe barruan bertan zebilela ikusi zuen.

Eta ba al dakizu nor zen taldeko lehena? Bada katua, eta lepoan arratoitxo bat zeraman danbolina jo eta jo.

Horien atzetik astoa, mandoarekin dantzan; eta konpartsa ixteko txakurra, taldera bildu nahi zuen zorri-tropelari zaunka.

- Tira, tira! -esan zien botikariak. Hara bada, ni botikan asperdurak jota nagoen bitartean, zuek hemen zabiltzate ondo baino hobeto dibertitzen.

- Begira, nagusi -erantzun zion katuak, jatekorik ez dugunez, poza gutxienik ez dadila falta.

- Ez dago gaizki esanda! -erantzun zuen botikariak.